IKASKUNTZA KOOPERATIBOA
 

ZER DA GURETZAKO IKASKUNTZA KOOPERATIBOA?

Ikaskuntza kooperatiboaz ulertzen duguna, kurrikulumeko arlo desberdinen jarduerak egituratzeko forma bat da. Bertan, ikasleen arteko harremana eta taldeko lana sustatzen dira, banakako lana alde batera utzi gabe. Gure metodologia Elkarri laguntzeko taldeetan oinarritzen dugu, taldeko zein banakako lana tartekatzen dituena. 

Xedea bikoitza da: alde batetik, pertsona bakoitzak edukiak ikasi eta ondokoek ikasten laguntzea (ikasten kooperatu), eta bestetik, taldean lan egiten eta solidarioak izaten ikastea, beste eduki bat gehiago balitz bezala (kooperatzen ikasi).

Azken finean, ikasleek elkarrekin egiten dute lan, talde heterogeneoetan banatuta, elkarri laguntzeko, egindako lana kontrolatzeko, taldeko puntuazioak ikuskatzeko, baina bakoitzak bere mailari egokitutako materialak lantzeko ditu.

Ideia ez da ikasleek noizean behin taldeko lan bat egitea, ikasleak lan-talde egonkorretan antolatzea baizik, beti ere elkarrekin ikasteko helburua izanik, eta akaso, suertatzen denean, taldeko lanen bat edo beste egiteko.
 

ZERK ERAMAN GAITU METODOLOGIA HONEN BIDEZ LAN EGITERA?

Ikaslegoaren aniztasuna osoari arreta eman behar diogu, eta horretarako ezinezkoa da banakako egituran oinarrituta lan egiten jarraitzea. Ikasle bakoitzak bere idazmahaian jardun eta irakasle bakarra ikasle guztiei laguntza banan-bana ematen saiatzen denean, ez dugu ikasle guztiengana iristeko aukerarik. Aitzitik, taldekako lanari esker aniztasuna ikasgelan bertan tratatzeko aukera dugu, giza-baliabideak (bai ikasleenak baita irakasleenak ere) modu integratzailean erabiltzeko aukera dugulako eta ikaslego osoari iristen zaizkiolako.

Pere Pujolàs-ek esango lukeen bezala (Vic-eko Unibertsitateko pedagogia doktore eta irakasle ohia), soilik ikaskuntza kooperatiboak posible egiten du gela inklusiboak edukitzea ("desberdina" den ikasleari gela barruan ematen zaiolako laguntza), balore hezkuntza egiteko aukera paregabea ematen digu (elkar-laguntza, solidaritatea, errespetua... kooperazioaren bitartez hein handi batean landu daitezke) eta oinarrizko gaitasun guztiak lantzea ahalbidetzen digu (haien artean komunikatiboa, ikasten ikastea edota gizarterako eta hiritartasunareko gaitasuna)